Irakasgai
honetako lehenengo saioan, Peiok bere ikasgaiarekiko eta
moduluarekiko ideiak azaldu dizkigu. Moduluko lanaren eta ikasgaiaren
nondik norakoak azaldu eta horretarako taldeak zein diren erakutsi
ondoren, aniztasunaren
kontzeptuan eta horrekiko genuen aurreiritzietan murgildu gara.
Aipatutako talde txikietan elkarturik, gure ustez aniztasunaren
kontzeptuak berarekin dakartzan ideiak bateratu ditugu. Horien
artean, aberastasuna, inklusioa, egokitzapena, onarpena edota
laguntza bezalako ideiak bildu ditugu, gure taldearentzat hauek
baitira aniztasunaren esanahia borobiltzen duten kontzeptuak.
Talde
txikietan eztabaidatu ostean, gela guztiaren aurrean partekatu ditugu
aipatutako ideiak eta guztien artean, ideia hauek bateratu eta
sakondu genituen:
- Desberdintasuna/berdintasuna: guztiak pertsonak garenez eta ildo horretatik berdinak garen arren, pertsona bakoitza desberdina da, bakarra, eta horrek bihurtzen gaitu anitzak.
- Elkarrekintza: batak besteari laguntza eskaintzen eta besteen laguntza onartzen ekintzak aurrera modu errazagoan eramango genituzke. Kontzeptu honek onarpena dakar, elkarrekintzan aritzeko pertsonen aniztasunarekin lan egiten jakin behar baita.
- Inklusioa: aniztasuna beharrezkoa da honetarako, guztien desberdintasunak onartzen eta hauekin bizitzen eta elkarlanean aritzen lortzen baita.
- Aberastasuna: guztien desberdintasunekin lortzen den kontzeptua.
- Enpatia: besteen azalean jartzea, hau da, besteen sentimenduak ezagutzea eta ulertzea ahalbidetzen diguna.
- Balioak: norbanakoaren pentsatzeko era, pertsona bakoitzak balio propioak ditu eta hauek oinarritzat hartuz burutzen ditu ekintzak. Hau horrela izanik, pertsona bakoitzak ekintza bera modu desberdinean burutuko du, aniztasuna azaleratuz.
- Egokitzapena: aniztasunera iristeko, besteen iritzi, pentsaera edota ekintzak ulertzen saiatu behar da, nahiz eta berdin ez pentsatu hauek onartuz eta egokituz, oreka bat bilatzea gomendagarria da.
- Onarpena: besteak dioena edo egiten duena ez baztertzeaz gain, hauek kontuan hartzea. Ezinbestekoa da aniztasunean oinarritutako inguru batean elkarbizitzeko.
- Tolerantzia: beste pertsona edo taldeen ideia edo ekintzekin ados egon ez arren, hauek errespetatzean datzan jokaera da.
- Kulturartekotasuna: beste kulturekiko errespetuan oinarritzen den kontzeptua, kulturen arteko berdintasunezko harremanak izatea du helburutzat.
Hala
ere, aipatutako kontzeptuak errespetatzen edo jarraitzen ez badira,
hau da, aniztasunaren trataera okerra bada, bullying kasuak ager
daitezke. Rol “normal” bat jokatzen ez duten haurren baztertzean,
iraintzean eta jazarpenean oinarritzen den bidegabekeria honek,
aniztasuna erabat ukatzen du. Gehienbat espazio instituzionaletan
gertatzen da, hau da, eskolan, eta haurrei desberdinak izatea txarra
dela barneratzen die.
Hala
ere, ez da eskolan bakarrik gertatzen den ekintza bat, gizartean oso
presente baitago desberdina izateagatik gertatzen den bazterketa.
Peiok, honen adibide garbi bat azaldu zigun Messi futboleko
jokalariaz baliaturik. Izan ere, jatorrizko herriaren edota maila
ekonomikoaren arabera adibidez, pertsona batzuk etorkintzat hartzen
ditugu eta besteak ez, nahiz eta denak etorkinak diren. Hau horrela
izanik, ez dizkiogu trataera edo aukera berdinak eskainiko maila
ekonomiko altukoa den Messi jokalariari eta Afrikatik etorri den
edota zubi azpian bizi den errumaniar bati.
Azken
finean, aniztasunaren kontzeptua teorian nahiko argi dugun arren,
ikusi den bezala hau aplikatzea oso zaila da gaur egun. Balore zehatz
batzuei (maila ekonomikoa, maila soziala, arraza… ) garrantzia
gehiegi ematen diogun gizarte batean bizi gara, pertsonen ezaugarri
desberdinak onuratzat hartu beharrean, desberdintasun horiengatik
baztertu egiten ditugun gizarte batean. Horregatik, irakasleen lana
ezinbestekoa dela ohartu gara, Haur Hezkuntzako geletan aniztasunean
oinarritutako giroa sortzea eta honen garrantzia azpimarratzea gure
eskuetan egongo baita.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina